XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
(...), heriotzea baino okerrago -atera zitzaion, min sakon batek moztutako hitzetan.
Lagunek begi izutuekin behatu zioten.
Joanesek segitu zuen.
- Ez zekiat zer egin, ez nauk ausartzen gertatzen zaidana esatera ere.
Harrek jandako sagarra bezala diat barrutik arima -zalantzan ibili zen denbora labur batez eta gero erantsi zuen-: hain arriskutsua duk dudan sekretua, ze zuei kontatuz gero, zeuek ere izutu egingo bait zinatekete.
- Ez dik axolarik; esan ezak, horrek lasaituko bahau; inori kontatutako beldurrak ez dituk hainbesterainoko izaten -esan zuen Fernandok.
Burua belarretan ezkutaturik ari zen pentsatzen Joanes.
Fida al zitekeen?
Atertuko ote zitzaion min handi hura?
Eta haiek zer egingo zuten?...
Minutu batzuk egon zen hausnarketan:
Trantze hartan egongo balitz, zer egingo luke Fernandok?
Salatuko ote luke?
Ez.
Ezingo zuen hori egin...
Ziur al zegoen?
Bai, ziur zegoen; hil arte isilduko zen.
Isiltasuna luzea zen.
Joanesek nahasturik eta zalantzatan zuen adimena; baina Isaac-ek errepikatu zuen:
- Joanes, hire benetako lagunak gaituk.
Joanesek burua altxa eta begietara zien behatu:
- Inori esango ez diozuela zin egiten duzue?
- Zin egiten diagu -esan zuten erabakitsu eta presaka, aho batez, Fernandok eta Isaac-ek.